ARGIA (2015-07-19)
Aniztasun funtzionala dutenek
aisialdiaz ezin dutela modu duinean gozatu salatu dute Ane Mendizabal
zarauztarrak eta Alba Irazabalbeitia donostiarrak, Tantai proiektuaren
sortzaileek. Gure inguruneak eta kultur eskaintzak ez diote aniztasunari
erantzuten, “aisia eta turismo arloetan egiten diren ekintza gehienak ez
daudelako aniztasun funtzionala duten pertsonen beharretara egokituta”, dio
Mendizabalek. Horregatik hasi dira ekintza egokitu eta inklusiboak antolatzen.
Beste askoren
artean, kirol egokitua, txangoak, tailerrak eta ikastaroak antolatzen ditu
Tantaik, gutxieneko partaide kopururik gabe eta urte osoan zehar. “Eta
norbaitek bestelako ekintzaren bat egin nahi badu, gurekin harremanetan jar
daiteke, eta egin nahi duenaren arabera, bere beharrak aztertu eta horietara
egokitutako eskaintza prestatuko dugu. Guk egiten dugu lan guztia, beraiek ongi
pasatzeaz baino ez dira arduratu behar”, azaldu digu Mendizabalek.
Ikuspegi
turistikotik, urtero milaka dira aniztasun funtzionala izan eta bidaiatzen
duten lagunak. Horregatik, turistentzat zuzendutako ekintzak ere prestatu
dituzte: “Batez ere bisitaldi gidatuak, Donostian eta Gipuzkoan zehar momentuz,
hasten ari garelako”, argitu du Irazabalbeitiak.
Historiaren Artean
lizentziatuak dira bi gazteak. Turismoa ere ikasi du Mendizabalek, eta
Irazabalbeitiak turismo egokituari buruzko ikastaroa du egina, Larrialdiak
Fundazioaren eskutik. “Larrialdiak Fundazioan denbora zeramaten aisia eta
turismo egokituaren inguruan gogoeta egiten, zerbait egiteko gogoz, baina ideia
zehatzik gabe. Nirekin harremanetan jarri ziren laguntza eske, eta ondoren ni
Anerekin”, azaldu du Irazabalbeitiak.
“Lan asko dago oraindik egiteko”
Aniztasun
funtzionala dutenen beharrei erantzuteko gure ingurunea gero eta egokituagoa
dagoela eta azken urteotan aurrerapauso nabarmenak egin direla uste dute bi
elkarrizketatuek, batik bat zerbitzu publikoetan. Turismoan, aisian eta beste
hainbat arlotan, ordea, oraindik gabezia garrantzitsuak daude. “Dena den, ezin
dugu esan ez denik ezer egiten, kolektibo honen eskubideen alde gogor
borrokatzen ari diren elkarteak daude eta gauza asko lortu dituzte”, dio
Mendizabalek. “Arlo instituzionalean hobekuntzak nabariagoak dira.
Gainontzekoetan oraindik lan asko falta da egiteko”, gehitu du Irazabalbeitiak.
Aldea nabaria da Europako beste herrialdeekin konparatuta, adibidez:
“Nazioarteko museo garrantzitsuetan, orain gor eta itsuek audio-deskribapenak
edota zeinu hizkuntzako interpretea eskura dituzte bisitaldi gidatuak jarraitzeko,
margolanen azalpenak ere braillez agertzen dira… Hemengo museo batzuetan hasi
dira hori egiten, baina esango nuke gauza nahiko berria eta salbuespenezkoa
dela. Hala ere, gutxinaka-gutxinaka hobekuntzak ikusten ari gara”, adierazi du
Mendizabalek.
Euskal Herrian,
zaila da kolektibo honentzat guztiz egokiturik dauden ekintzak aurkitzea. “Gaur
egun, esaterako, oso modan dago tabernetan kontzertuak ematea, baina beharbada
sarrera estuegia da gurpil-aulki bat sartzeko, komunak oraindik ez daude prestatuta
leku askotan, edo hitzaldi batera zoaz eta ez dago zeinu hizkuntzako
interpreterik pertsona gorrentzat”, dio Irazabalbeitiak. “Aniztasun funtzionala
dutenei bideratutako pintxo-potea antolatzen saiatu ginen duela gutxi, eta
konturatu ginen Donostiako Alde Zaharra oso gaizki dagoela gurpil-aulkiz
mugitzeko”, jakinarazi du Mendizabalek.
Ekintzak antolatzeko
orduan, irisgarritasuna da kontuan hartu beharreko alderdirik garrantzitsuena,
“xehetasun txikienak beste guztia pikutara bidali dezakeelako. Guretzat
garrantzirik ez duena edo aintzat hartzen ez duguna erabakigarria izan daiteke
aniztasun funtzionala duen norbait leku horretara joan ahal izateko edo ekintza
hori egin ahal izateko”, argitu du Irazabalbeitiak.
Sentsibilizazioa
Ahalmen urriko,
elbarri, ezgaitu… deitu izan zaie aniztasun funtzionala duten pertsonei, baina
adiera horiek okerrak direla eta oker erabiltzen ditugula ohartarazi dute
elkarrizketatuek. “Guretzat oso garrantzitsua da azpimarratzea ez direla
minusbaliatuak, baizik eta gauzak beste modu batean egiten dituztela. Ez dira
elbarriak, edo ahalmen urrikoak, edo dena delakoa, aniztasun funtzionala duten
pertsonak baizik”, dio Irazabalbeitiak. Horregatik, kalitatezko aisia
eskaintzeaz gain, Tantaik gizartea sentsibilizatzeko ere balio dezala nahi dute
sortzaileek. “Sarri ez dira ezarritako gutxienekoak betetzen, eta gizartea
horretaz jabetzea nahi dugu”.
“Inkesta egin genuen
Tantai sortzen ari ginenean, eta guk uste baino herritar gehiagok esan zigun
agian ez zutela aisia edo turismo ekintza batean parte hartuko aniztasun
funtzionala duen pertsona bat egotekotan”, azaldu du Irazabalbeitiak. “Beste
galdera batek zioen: ‘Uste duzu guztion lana dela aniztasun funtzionala duten
pertsonen inklusibitatea erraztea?’. Bada, askok erantzun zuten erakundeen lana
dela hori, ez guztiona. Horrek ere asko kezkatzen gaitu”, gehitu du
Mendizabalek. Hala ere, gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dagoela uste dute,
belaunaldi berriak batez ere. Horrez gain, aniztasun funtzionala duten
biztanleen presentziak eta ikusgarritasunak gora egin du nabarmen gizartean,
eta hori datu oso positibotzat jotzen dute Tantaiko kideek.
Integraziotik inklusibitatera
Tantaik antolatzen
dituen ekintzak, egokituak bakarrik ez, inklusiboak ere badirela nabarmendu
dute Ane Mendizabalek eta Alba Irazabalbeitiak. Edonork hartu dezake parte,
aniztasun funtzionala izan edo ez. Integrazio hitza alboratu eta inklusibitatea
erabiltzearen aldekoak dira: “Pertsonei buruz hitz egiteko ‘integrazio’ hitza
erabiltzea desegokia dela uste dugu. Integrazioaz hitz egiterakoan bereizketa
moduko bat egiten dugu: zuek alde batetik eta gu bestetik. Zuek zarete
‘ezberdinak’ eta integratzen zaituztegu. Baina ez du hala izan behar. Pertsonak
gara denak”, dio Mendizabalek. “Ez da bidezkoa norbait baztertzea besteen
begietara ‘ezberdina’ delako. Azken finean, modu batean edo bestean guztiok
gara ezberdin, eta guztiontzako lekua egon behar du gizartean”, aldarrikatu du
Irazabalbeitiak.