Azeri Natura proiektua, natura denontzat

AIKOR TXORIERRIKO ALDIZKARIA
Hiriak gero eta irisgarriagoak dira mugikortasun arazoak dituztenentzat edo desgaitasunen bat dutenentzat. Hala ere, lagun horiek oraindik badituzte arazo larriak naturatik mugitzeko. Egoera horri aurre egiteko, hiru gaztek Azeri Natura proiektua jarri dute martxan Txorierrin. Hemendik aurrera, edozeinek izango du naturaz gozatzeko aukera. 

Naturarekiko maitasunak batzen ditu Pablo Mariz, Javier Fernández eta Xabier Solorzano. Naturak eta Politeknika Ikastegia Txorierrik, noski, bertan ezagutu zutelako elkar. Hirurek Ingurumen Heziketa eta Kontroleko goi-mailako zikloa ikasi zuten Derion, eta hori amaitutakoan, Azeri Natura enpresa sortu zuten, Politeknikako irakasleen laguntzarekin. Azeri Naturak ingurumen-hezkuntza, xendazaletasun egokitua eta turismo inklusiboa eskaintzen ditu, besteak beste. 

Proiektua erabat aitzindaria da. Alde batetik, partaideen heziketa oso berria delako. “Ingurumen Heziketa zikloa Derion eta Somorrostron baino ezin da ikasi Bizkaian, eta Txorierrin, azken hiru urteotan. Beraz, gure formazioa duten lagun gutxi daude”, esan digu Pablok. Bestetik, Euskal Herri mailan zerbitzu bakar batzuk eskaintzen dituztelako. Adibidez, Azerikoak elbarrituak mendira eramateko gauza dira. “Gurpildun aulki berezi batzuk erabiltzen ditugu, mugikortasun-arazoak dituzten lagunak, Artxanda, Pagasarri edo Oiz mendietara eramateko”. 


Beste zerbitzu berezi bat hau da: ikastaroak eta erakustaldiak antolatzen dituzte hegazti harrapariekin, Harris arrano birekin, hain zuzen ere. “Leku batzuetan animaliak erabiltzen dira terapiak-eta egiteko, baina geuk bakarrik erabiltzen ditugu hegazti harrapariak. Horien bidez, zentzumenen estimulazioa lortzen dugu. Harrapariei buruz orduak eta orduak eman ahal ditut hitz egiten, baina zertarako balio du horrek, zuk zeuk lumak, begiak, atzaparrak zuzenean ikusten ez badituzu, hegaztiak hegan egiten zuzenean ikusten ez badituzu?”, dio Javierrek, harraparien arduradunak. 

Gainera, beste zerbitzu arruntagoak ere ematen dituzte: arrastoak eta aztarnak identifikatzeko ikastaroak, hitzaldiak, bisitak... “Ibilbideak landu ditugu, eta haietan lekuaren historia, zuhaitz motak eta bertoko animaliak azaltzen ditugu, besteak beste. Balore ekologiko eta naturalak transmititzen dizkiegu gure bezeroei, naturarekiko maitasuna eta errespetua pizteko haiengan”, azaldu digu Xabierrek. 

Multzoka 
Enpresa duela hilabete batzuk jarri zuten martxan, eta tarte horretan denetariko bezeroak izan dituzte: enpresak, elkarteak, lagunak... “Normalean multzoka egiten dugu lan, zortzi lagunetik gora. Guk ekintza batzuk eskaintzen ditugu, baina neurrira ere egiten dugu lan, hau da, bezeroen beharrizanen arabera. Esate baterako, neska batek esan digu aita Gorbeiara eraman nahi duela, eta gu hori egiteko lanean gabiltza. Gainera, etorkizunari begira, eskolaz kanpoko ekintzak antolatu nahi ditugu eskoletarako”. 

Azeri Natura enpresaren egoitza Politeknika Ikastegia Txorierrin bertan dago, eta gure bailaran ere ari dira. “Enpresa sortu genuenean, Txorierriko Mankomunitatearekin hitz egin genuen eta harremanetan jarri gaituzte hemengo taldeekin. Ondorioz, Gure Señeak elkartearekin batera ospatuko dugu Gaixotasun Arraroen Eguna, otsailaren 28an, Derion. Hainbat ekintza antolatuko ditugu: xendazaletasun egokitua, arrasto-jokoa, hitzaldiren bat eta erakustaldi bat arranoekin”. 

Gaur egun, ingurumen hezkuntza parketxeetan, hau da, ingurumena ezagutzeko zentroetan baino ez da eskaintzen. Azeri Naturak ere ematen du, eta gainera, leku zehatz eta jakinetatik kanpo ateratzen du eta edozein tokitara eramaten du. “Urrats bat haratago joaten saiatzen gara. Askotan, jendeak uste du naturaz gozatzeko, mendira joan behar dela, baina hori ez da egia. Esate baterako, guk leku itxietara eraman ditugu arranoak”. 

Azeri Naturakoek leku guztietara ez ezik lagun guztiengana ere gerturatzen dute natura: ibili ahal diren, elbarritu, itsu, gor, ume, nagusiengana... “Parketxeetako instalazioak elbarrituentzat egokitu dituzte, baina besterik ez. Bideoek ez dute azpititulurik, ez dute gureak bezalako aulkirik, argibide-taulak ez daude braille hizkuntzan.... Guk, esate baterako, pote usaindunak ditugu eta fitxa batzuk lantzen gabiltza braillen, eta ahal izanez gero, soinua ere gaineratuko dizkiegu. Erraza da esaten zerbitzu bat egokituta dagoela, baina zaila, hori benetan egiten. Guk esfortzu handia egiten dugu benetan guzti-guztiengana heltzeko”. 

Natura bokaziotzat 
Pablo Mariz (Bilbo, 37 urte). “Txikitatik natura gertu-gertu izan dut eta beti gustatu zait. Lehen metalgintzan egiten nuen lan, baina langabezian gelditu nintzenean, nire benetako bokazioaren bila ibili nintzen, natura, eta horregatik joan nintzen Politeknika Ikastegira, Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko zikloa ikastera”. 

Javier Fernández (Armintza, 28 urte). “Gaztetan apur bat galduta nenbilen, ez nekien zer egin edo ikasi. Natura beti izan da oso garrantzitsua niretzat eta horregatik zikloan sartu orduko, argi nuen horretan lan egin behar nuela”. 

Xabier Solorzano (Arrigorriaga, 28 urte). “Oso mendizalea naiz, ia astebururo joan behar dut mendira; bestela, haserre ibiltzen naiz aste osoan zehar (kar, kar). Hasiera batean, Topografia ikasi nuen, naturan lan egin nahi nuelako. Baina karrerak ez zuen horrekin zerikusi handirik, eta azkenean Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko zikloa ikasi nuen”.