Elkartasunaren Motorra jaialdia bigarren aldiz egingo dute larunbatean

Elkartasun Motorraren aurkezpena
OARSOALDEKO HITZA (2015-06-16)
Elkartasunaren Motorra jaialdia egingo dute larunbatean, bigarren aldiz. Bertan jasotako diruaren %100 Sanfilippo gaixotasun arraroa duten haurrei bideratuko diete, Juneren Hegoak elkartearen bidez. Eurak izan dira jaialdiaren antolatzaileak, baina nabarmendu dutenez, “norbanakoen; erakundeen; zonaldeko denda eta enpresen eta Errenteriako Udalaren interesik gabeko laguntza” izan dute. Babes ekonomikoaz gain, “guneak, produktuak eta energia” jartzea eskertu dute elkarteko kideek.

Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta 10:00etatik aurrera adin guztietako pertsonek izango dute zer gozatua. Ibilgailuen erakusketak, txokolate jatea, dantzak, quad ibilaldiak, antzezlanak, danborrada eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Arratsalde eta gauean musikaren txanda izango da. 19:30ean Rockalean talde ibiltaria ibiliko da kalez kale eta, 23:30etik aurrera, Foru Plazan kontzertua egongo da. Barricada taldeko kide ohi Alfredo Piedrafita eta Loquillorekin hainbat urtez ibilitako Los Trogloditasek rock emanaldia eskainiko dute.

Egitaraua
10:00etan: Festaren hasiera, txalaparta emanaldiarekin.
11:00etan: Eureka taldearen eskutik, Disney printzesen dantzak.
12:00etan: Zo-zongoren batukada.
13:00etan: DYAren eskutik, auto istripuetako laguntza simulazioa.
13:30ean: Zumba erakusketa egingo dute Activate 24/7 taldeko kideek, eta edonork parte har dezake.
16:00etan: Haur jolasak, Juneren Hegoak-en eskutik.
17:00etan: Txokolate jatea egongo da txikientzat.
17:00etan: Pelax eta Cowboys Orchestraren kontzertua.
18:00etan: Omenaldia eta opari bikainen zozketa, Telleri danborradak lagunduta.
18:30ean: Lee Junior bandaren kontzertua, haien rock klasikoaz gozatzeko.
19:30ean: Rockalean-en emanaldia.
22:00etan: Afaria, Oihan Vega eta Dj Bussyren diskofestak girotuta.
23:30ean: Alfredo Piedrafitaren eta Los Trogloditasen kontzertua.
Egun osoan zehar: ibilgailuen erakusketa, eta taloak, ogitartekoak eta beste saltzen dituzten postuak. Gainera, quadetan ibiltzeko aukera egongo da 10:30etik 13:30era, eta 15:30etik 18:30era. Auto kabrioetan ere ibil daitezke, 11:00etatik 13:30era.