Gure Nahia Elkartasuna elkartearen erronka, gailurrez gailur


Gure Nahia elkartasunaGaixotasun arraroak dituzten haurrek helburu bati eusten diote: urratsak ematea. Gure Nahia Elkartasuna elkarteak ere urratsak ematea du xede, eta erronka horri eutsi dio. Bederatzi hilabete dira hainbat menditako gailurrera igotzen: Jaizkibel, Adarra, Txindoki, Intxorta, Aizkorri… 12 hilabete 12 tontor lelopean, gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko elkartasuna plazaratu nahi dute.
 
Gure Nahia Elkartasunak donostiarrei ez ezik, eskualdekoei eta inguruko herrikoei ere eman nahi die laguntza. Horregatik ekin dio erronka honi. Nahia de Cos haur donostiarra laguntzeko sortu zen elkartea. Batten gaitza du. “Gaixotasun larria izanda ere, bizitza kalitate bat eman nahian gabiltza. Badakigu ez dugula sendatuko, egun ez baitago sendagairik berarentzako. Ordea, gure helburua gaixotasun larri honen aurrean ikerketa bultzatzea da. Hori bultzatu nahi dugu: ikerketa”, adierazi du elkarteak. Edozein gaixotasun dela ere, Gipuzkoa osoa laguntzeko elkartea dela azpimarratu dute: “Gure laguntza behar izanez gero bertan izango garela jakin nahi dugu. Eta edozeinek lagundu nahi bagaitu ere esker onez hartuko dugu edozein herrikoa bada ere”.