Helburu honekin, ekimen ugari gauzatu dituzte, eta adibidez Udalatxera igo berri dira. Elkarteak laguntza ematen jarrai dezan, gizartearen bultzada behar du, hau da, zure bultzada.
Gaixotasun arraroak dituzten haurrei eta beraien familiei laguntzeko, Gure Nahia Elkartasuna elkarteak elkartasunezko ekitaldiak antolatu ditu, horien artean Donostian Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egindako elkartasun jaialdia. Bide honetan jarraitu ahal izateko, elkarteak herritarren laguntza boluntarioa edota ekonomikoa behar ditu. Elkarteko ordezkari Iñigo Guiradorekin elkarrizketa egin dugu, honatx:
- Zeintzuk dira Gure Nahia Elkartasuna elkartearen helburuak?
- Elkartearen sorreraren oinarriari eutsirik, gure helburua gaixotasun arraroak eta endekapenezko gaixotasunak dituzten haurrei eta beraien familiei nola edo hala laguntzea bada. Horretarako, eta haur horien bizitza kalitate egonkor bat bultzatu nahirik, ikerketa eta tratamendu ezberdinen informazioa bilatzen, hauek aurrera eramaten eta zenbait laguntza ere bideratzen saiatzen gara.
Ordea, gure elkarteak, familien esparru aldetik haratago joan nahi izan du beti; familia funtsezkoa da, noski; baina beste giza talde ezberdinekin harremanetan egotea eta elkartasuna indartzea garrantzi handikoa da ere. Gizartearen bultzada gabe, gure elkartea hutsean geratzen da. Hortik, gizartea informatu nahi izateko ahalegina.
- Zenbat umek dute ezohiko gaixotasunen bat Gipuzkoan?
- Orain artean 7.000 gaixotasun arraro ezberdin topatu dira munduan. Hau kontuan izanik, Gipuzkoa mailan gaixotasun arraroak dituzten haurren kopurua jakitea ezinezkoa egiten zaigu. Edozelan, uste baino gehiago badira, eta horrek bultzatu gintuen hein handi batean elkarte hau sortzera; denen artean, indar gehiago izango genukeelako.
- Laguntza eman nahi duten pertsonek zer egin dezakete?
- Laguntza mota ezberdinak daude. Franko, laguntza, ekonomiarekin elkarlotzen dugu, eta hein handi batean guk jasotzen ditugun laguntzak horrelakoak dira; horiek baitira haurren tratamenduen sostengu. Beraz, gezurrik ez dugu esango, hauek beharrezkoak ditugu, eta horretarako kontu zenbaki bat irekia dugu: 2100 3815 06 0200072167 LA CAIXA
Baina bada ere zuzeneko laguntza, elkartasun laguntza, laguntza boluntarioa. Elkarte honek boluntarioei esker hasi zuen bere bidea eta hala dihardu. Geroz eta boluntario gehiago izan, orduan eta ekintza gehiago burutu daitezke, eta une honetan horretan gabiltza; boluntario bila. Aldiz, horretarako borondatea besterik ez dugu eskatzen; norberak bere aisialditik tartetxo bat kentzeko borondatea; Eta behin hau izanda ordenadore aurrean jarri eta gure postara mezu sinple bat bidali.
- 2013a Gaixotasun Arraroen Urtea da, zer ekimen eramaten ari dira aurrera?
- Elkartea sortzean 10 bat lagun ginen orotara. Bakoitzak aisialdi tartetxoaren arabera bere eginkizuna hartu zuen. Hortik ekimen ezberdinen bultzakada; artista handiz osaturiko kontzertu benefiko bat, elkartasun jaialdi bat,… eta informazio puntuak edonon. Baina lana eta egoera pertsonalak medio boluntario hauetako batzuek ezin izan dute aurrera egin gurekin.
Hau kontuan izanik, eta gure egoera erreala aintzat harturik hiru ekimen nagusi aurreikusi genituen. Alde batetik, orain artean gauzatutako “Urte bat, hamabi gailur” ekimena sortu zen honen bitartez Gipuzkoa osora Gure Nahia Elkartasunaren izena zabaldu nahi izan dugun, lurraldeko hamabi tontor igoaz.
Bigarren ekimen gisa, terapia ezberdinen inguruan konferentzia ziklo bat antolatzen hasi ginen. Hau nahiko aurreratua zegoela, antolatzaileak arrazoi pertsonalak medio, bertan behera utzi behar izan zuen eta nahiz udazkenerako birplanteatu ezinezkoa ikusi dugu. Hala ere, gure baitan jarraitzen du ideia horrek eta ez dugu ezeztatzen hurrengo urtean egin ahal izatea.
Azken ekimena Donostiako abenduko pin delakoan parte hartzea zen. Baina, hau bideratzen ari zena, Nahia de Cosen aita, azaroan Txinarako bidea hartzea erabaki eta hau ere airean utzi dugu.
Beraz, aurten antolatzaile ezberdinen egoera pertsonalak erabakigarriak izan dira bertan behera uzteko azken bi ekimen hauek. Hala ere, kalean izan gara beste batzuek antolaturiko ekimenetan. Bigarren eskuko Donostitruck azokan, Donostiako Elkartasunaren Kale Sozialaren ekimenean edota Irrien Lagunak antolaturiko Bizipoza Jaialdiaren bileretan izan gara. Gainera, uztailean, Donostiako Tilin-Talan haur eskolak bere elkartasun osoa erakutsi zigun tonbola solidarioa gure alde aurrera eramanaz.
Guretzat oso pozgarria izan da hau non modu honetara urte berezi honetan ez gara hutsean geratu.
Hala ere, lanean jarraitzen dugu; oraingoan, lan internoa. Bidean hainbat behar ikusi ditugu gure elkartearen baitan eta aurrera ekiteko hauek asetzea beharrezkoak dira. Orain artean boluntario kopuru aldetik nahiko justu ibili gara. Gainera, lehen esan bezala, lana nahiz egoera pertsonalak medio hauek murrizten joan dira, eta gabezia hori nabaritu izan dugu. Horregatik, edozein ekimen aurrera eraman baino elkartea ondo osatzea eta berrantolatzea funtsezkoa iruditu zaigu; elkartea indartzea bere “osasuna” hobetzea baita. Eta horretan gabiltza. Gainera, urtean zehar beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu izan gara eta horrek gure nahiari forma gehiago ematen dio.
- Zuen elkarteak erronka bat jarri dio bere buruari: 12 gailur igotzea. Zergatik?
- Gailur bakoitzak bere historia izanik, lasaitasunez beteriko edertasuna erakusten digute; eta hori da gure elkartearen funtsa. Gaixotasun arraroak dituzten haurrek, edozein gaixotasun, edozein historia izanik ere, helburu bati eusten diote; urratsak egitea, horra beraien helburu. Hortik mendi ezberdinak egiteko zioa; eta batzuk altuerazko sona duten bitartean beste batzuk historian zartatzen dira. Badira ere historia handia ez duten eta magal xumea dutenak; aldiz, horiek ere, mendiak badira.
Askok pentsa dezakete edozeinek egin dezakeela erronka hau; eta jakina bada edozeinen eskutan badela. Baina erronka hau ez da soilik mendien baitan izatea; igo eta jaistea; erronka honek haratago joan nahi du. Gure Nahia Elkartasunak hau burutzean eskualdeari, inguruko herriei, eskua zabaldu nahi die. Eta berdin zaio zein txokotan ere egon daitekeen laguntza hori. Soilik bertaratzeko gai garela ikusi nahi da, erronka simpleena bada ere. Ordea, horretarako herritarrenera iritsi nahi dugu. Eta hori egiteko, gure nahiaren izena zabaltzeko, mota honetako erronkak nahitaezkoak dira.
- Borondatearen garrantzia azpimarratzen duzue. Gaixotasunak gainditzeko beharrezkoa ezta?
- Norberaren borondatea funtsezkoa da helburuak aurrera eramateko. Batzuetan utopia izan daitekeena, errealitate bihur genezake edo behintzat pausu berriek norantz bideratu erakusten digute. Horra Nahia de Cosen kasu garbia. Orain bi urte ezinezkotzat ikusten genuen Txinako bidea. Eta orain, aldiz, ikerketa lanaren dirua bildu dugu nonbait. Beraz, Eduardo Galeanoren hitzei erreparatuz: “…Entonces ¿para qué sirve la utopía? Para eso, sirve para caminar…”.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gure artean ibili diren guztiei eta gu lagundu izan gaituzten haur eta heldu guztiei. Eta gure aldetik eskua zabaltzen diegu edozein pertsona eta familiei gure artean egon daitezen. Ez gara asko baina ibiltzen badakigu. Zergatik ez elkarrekin?
http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=1771770&menuId=7109426&onlypath=true