Urretxuko eta Zumarragako musikari ugarik Gorka Hermosa soinujoleari lagundu diote Iñigo Murua eta Markel Lopez haurren aldeko kontzertuan
Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak bere lehen kontzertua eman zuela 25 urte bete dira aurten, Urretxuko eta Zumarragako musikariekin batera ospatu nahi izan du urtemuga, eta atzo Zelai Ariztiko toki guztiak bete zituen kontzertuak. Izan ere, emanaldiak beste arrazoi esanguratsu bat ere izan zuen, Iñigo Murua eta Markel Lopez haurren tratamenduetan laguntzeko diru biltzea.
Aretoa lepo, ia bi orduko emanaldia hunkigarria izan zen, eta alaia ere bai. Hainbat estilotako musikak entzun ziren, eta musikariez gain Barbara Rivas aktore zumarragarrak eta Irrintziko dantzariak ere igo ziren taulara. Bi herrietako zenbait artistek emandako artelanen enkantea egin zuten, Hermosak horri ere xarma jarri ziolarik. Hasieran publikoa lotsati agertu bazen ere, lau lan banatu zituzten ikusleen artean haietako bakoitzak prezio bat eskaini eta gero.
Kontzertuak beste bereizgarri bat ere izan zuen. Josu Maroto margolariak zuzenean margotu zuen, eta eszenatokitik pasa ziren guztien marrazkiak egin zituen; marrazki eder-ederrak guztiak. Markel Lopezen amak eta Iñigo Muruaren aitak biziki eskertu zuten urretxuarren zein zumarragarren babesa.
http://otamotz.com/index.php?option=com_content&task=view&id=9179&Itemid=1229
http://otamotz.com/index.php?option=com_content&task=view&id=9179&Itemid=1229