
Euskadiko Gaixotasun Arraroen Erregistroa gaurtik aurrera martxan izango da,
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lege baimenak eman ostean.
Osasun Sailak sortu zuen erregistroa urtarrilaren 17an, gaixoen bizitza
mantendu eta hobetu asmoz, informazio fidagarria eta kalitatezkoa biltzeko.
EAEn 40.000 pertsona baino gehiagok pairatzen dituzte
arraroak deitzen diren gaixotasunak, eta horietatik % 65 larriak eta
baliaezintasunezkoak dira. Gainera, zeharka gaixoen inguruko 150.000 pertsonari
eragiten diete.
Eusko Jaurlaritzak Euskadi mailan gaixotasun arrarotzat hartu ahal izateko
bete beharreko baldintzak zehaztu ditu, eta Europar Batasuneko 10.000 biztanleko
5 pertsona baino gutxiagori eragiten dieten eritasunak sartuko dira
erregistroan.
Gainera, EBn 100.000 biztanleko 6 pertsonatik behera kaltetzen dituzten
tumore gaiztoak ere hartuko dira.
Erregistrotik at geldituko dira ohiko tratamendua jarraituta pronostiko ona
duten gaixotasun arraroak eta Euskadiko Zainketa Epidemiologikorako Sisteman
sartutako gaixotasun arraro kutsakorrak.
EAEko ospitale publiko eta pribatuetako erregistroak, Osasun Saileko eta
Osakidetzako datuen fitxategiak eta Euskadin gaixotasun arraroak dituzten
pertsonak artatzen dituzten elkarte, zentro eta profesionalak izango dira
erregistroaren informazio iturriak.