Páginas

08 enero 2016

Markeli ilusioa opari

GOIBERRI (2015-12-29)
Hamabost urteko gazte urretxuarra da Markel Lopez, beste edozein gaztek bezainbesteko bizipoza eta kemena dituena. Azaleko gaixotasun arraro bat du, ordea: epidermolisis bullosa, tximeleta azala izenarekin ezaguna. Azala oso hauskorra du gaixotasunaren ondorioz, eta tratamendu garestiak behar ditu. Tratamendu horiek ordaintzea errazteko, Carolina Olivares idazle espainiarrak Siri Ocra y el mundo de lo absurdo liburua argitaratu du. Irabazien zati bat Markeli emango dio.

Olivares Kantabrian jaioa da, baina Madrilen bizi da orain, eta Madrilgo Idazleen Elkarteko kidea da. Siri Ocra y el mundo de lo absurdo bere hirugarren liburua da. «Berezia izatea nahi nuen», adierazi du. «Nik bizitza ona izan dut, baina badakit hori ez dela denen kasua, eta norbaiti laguntzea erabaki nuen». Telebistan ikusi zuen Markelen kasua, eta berehala jarri zen harremanetan Saioa Arrizabalagarekin, Markelen amarekin.


Mundo de fantasia izeneko trilogiako lehen liburua da Siri Ocra y el mundo de lo absurdo. Siri Ocra izeneko iratxoa da protagonista, armoniaren herrialdean bizi dena. Misterio bat argitu beharko du, eta horretarako hainbat proba gainditu. Probak gainditzeko, logika erabili beharko du Siri Ocrak, eta berarekin batera, irakurleak. «Istorioan ikusiko da absurdoak diruditen gauzek garrantzia izan dezaketela, eta, alderantziz, oso zentzuzkoak diruditenak sarri absurdoak direla».

Haurrentzako fantasia liburua da, gaztelaniaz idatzia. Eta, testuaz gain, marrazki erakargarriak ere baditu —Nicolas Papenkorenak dira ilustrazioak—. Istorio originalen bidez, haurrei balore jakin batzuk transmititzen saiatzen da Olivares, eta fantasia du horretarako tresna. Duela ia urtebete argitaratu zen liburua, eta dagoeneko hirugarren argitalpena ari da saltzen. Zumarragan abenduaren hasieran aurkeztu zuen, Zelai Arizti kultur etxean.

‘Facebook’-en salgai
Liburua hamar euroan dago salgai, Facebook sare sozialeko Mundo de fantasía orrialdean. Idazleak ez du bitartekaririk erabili nahi izan liburua saltzeko, irabazien ahalik eta zati handiena Markelentzat izateko. «Gabonetarako opari egokia izan daiteke, haurrei oparitzeko, eta, bide batez, Markeli laguntzeko».

Bestalde, trilogiako bigarren liburua ere idatzita du dagoeneko, eta laster argitaratuko du. Raorau y el gran Alerbo du izena bigarrenak, eta honen irabazien zati bat ere Markelentzat izango da.


Urtebete honetan harreman estua mantendu du Olivaresek Markelen familiarekin. Hainbat aldiz etorri da Urretxura, eta Markel ere joan da Madrilera. Bisita horietan ekintza bereziak egiten saiatu da Olivares. Izan ere, liburua idatzi eta diruz laguntzeaz gain, beste mota bateko laguntza ere eskaini nahi izan dio gazteari. «Diruaz gain, ilusioa egingo dioten gauzak eskaintzen saiatzen naiz».
Revilla aurkeztu nahi dio

Esaterako, Eduardo Gomez aktorea aurkeztu zion. «Gomez asko inplikatzen da horrelako gauzetan, eta baiezkoa eman zidan». Faunian ere izan ziren, egun pasa, animalia artean. Eta egunen batean Migel Angel Revilla ere aurkeztu nahi dio, Kantabriako presidentea: «Hitz egin nuen Revillarekin, eta prest agertu zen, baina orain arte ez da posible izan agenda oso betea duelako».

Gaixotasun arraroak dituzten beste hainbat haurri ere laguntzen die Olivaresek, beste proiektu batzuen bidez. Batez ere, kasuak ezagutzera ematen saiatzen da. Eta, noski, fantasia erabiltzen du errealitate gordina albo batera utzi eta beste mundu atseginago batzuk irudikatzeko, «errealitateak batzuetan ez digulako uzten zoriontsu izaten».